XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ondorioa zera da, kazetari hizkuntzaren ezaugarri nagusietakoa izan behar duenetik urruntzea.

Lehen ere nolabait aipatu dugu ezaugarri nagusi hori: hizkuntza kolokial amankomuna oinarritzat hartuz eduki tekniko eta berezien bitartekari izatea.

Bereizkuntza guraria euskarazkoan

Euskarazko kazetaritzan ere somatzen dira kazetariek bereizkuntzarako duten joeraren zantzuak.

Iduri du, kazetaritza ikasketak egiten hasten den gazteak bere erregistroa aldatu egin behar duela kazetari testuen ariketak egiten hasten denean.

Hedabide batean lanean hasten denean kazetari itxura eman behar du bere testuetan.

Eta hori nola lortzen da?

Euskarazko kazetaritzan azken aldian sortu diren esaldi-esamode bereziak imitatuz.

Horrela, adibide karikaturizatua jartzeko, etxean arraultzeak fijitzen hasi naiz eta azkenean olioa erre zait esaten badu, kazetari lanean seguruasko honela esango du: arraultzeak frijitzen hasi naiz, azkenean olioa erre zaidalarik.

Aparte utz dezagun hori gaizki esana dagoela.

Ondo esanda balego ere, kontua da inork ez duela horrela erabiltzen eta euskaldungoari estrabagantea egiten zaiola.

Bi arazo nabarmentzen dira beraz joera zabal baten adibide gisan jarri dudan esaldi honetan: - Batetik hori horrela erabiltzen duen kazetariaren hizkuntz konpetentzia murritza, ez baitaki -(e)larik ez daitekeela horrela erabil (eta ez baitaki ze kasutan erabil daitekeen).

- Bestetik, berak askoz zuzenago eta samurrago esan dezakeena horrela esateko joera.

Beste hizkuntzetan ere bereizkuntzaren sindromeak arrenkurak sortzen baditu, euskarak bereziki ekidin behar ditu joera hauek.

Bereziki diot, gure kazetaritzaren hartzailegoa berezia delako.

Beste hizkuntzetan baino arazo gehiago daukagulako ulermenarekin, eta bereziki interesatzen zaigulako herriari arrotz egingo ez zaion hizkuntzan jardutea.

Ulertzeko zailtasun hori gainditzeko ez diogu hizkuntza tekniko eta zehatza erabiltzeari uko egingo, baina zentzugabeko bereizkeriak ekiditen zorrotz jokatu behar da.